Igande arratsaldean galdu zen, eta astelehen goizean hilik aurkitu zuten. Sever Uriarte, Zornotzako 28 urteko mendizalea, Ori mendiko gailurretik 200 metro ingurura topatu zuten Guardia Zibilaren mendiko taldeko kideek, Nafarroako Pirinioetan. Beste hainbat lagunekin joan zen, mendiaz gozatzera.
Igande arratsaldean piztu zen alarma Nafarroako Larrialdietarako Agentziaren egoitzan, 19:45 aldera. Beste lau lagunekin zihoan mendizale bat galdu egin zela jakin zuten han. Zergatik ez dakitela, taldetik urrundu egin omen zen gazte bizkaitarra. Bakarrik gelditu, eta galdu egin zen.
Nafarroako Larrialdietarako Agentziak martxan jarri zuen, abisua jaso eta berehala, gizona bilatzeko operazioa. Iruñeko, Aurizko eta Nabaskozeko suhiltzaleak aritu ziren lanean, batetik, eta, haiekin batera, Guardia Zibilaren mendiko taldeko kideak, eta Pirinioez bestaldeko salbamendu talde bat, bestetik.
Nafarroako Gobernuaren helikopteroa atera zen, halaber, mendizalearen bila. Igandean, ordea, helikopteroaren eta gainontzeko talde guztien ahalegin guztiak hutsalak izan ziren. Ez zuten gaztearen arrastorik aurkitu mendian.
Asteleheneko, goizean goiz ekin zioten berriz lanari, eta 09:30 aldera topatu zuten gizona, hilik. Ori mendiko gailurretik 200 metro ingurura zegoen 28 urteko gaztearen gorpua.
Guardia Zibilaren mendiko taldeko kideek jaso zuten mendizalearen hilotza. Ospitalera eraman zuten, zer gertatu zen argitzeko autopsia egitera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario